Elhuyar Fundazioa
Bill Gates-en enpresak duen monopolioak gero eta arrisku handiagoa du. Linux-ak informatika-munduan izandako harrera ona, eta iMac-aren ondorioz Macintosh-aren berpiztea gutxi bailiran, orain Windows NT eta Office bere bi tresna garrantzitsuenentzako lehia on eta merkea atera zaio.
Batetik, Australiako Trumpet Software enpresa garatzen ari den PetrOS sistema eragilea dago. Sistema honek Windows NTren aukeretako asko eskaintzen ditu, memorian 100 Kb bakarrik eta sistemaren oso baliabide gutxi hartuz gainera. Bere salneurria 3.000 eta 15.000 pta. bitartekoa izango da, NT baino askoz ere merkeagoa, noski.
Bestetik Sun enpresa Star Office paketea dohain banatzen hasi da, Star Division software enpresaren erosketaren ondorioz. Star Office pakete hau Microsoft Office-ren oso antzekoa da, abantaila batzuk ere badituelarik: batetik, noski dohain izatearena, baina horrez gain, Windows, Linux, OS/2 eta Solaris sistemetan ibiltzea besteak beste. Nahi izanez gero www.sun.com helbidetik behera karga dezakezue.
Microsoft-ek bere produktuei jartzen dien gehiegizko salneurria ikusita, ez litzateke harritzekoa laster batean gisa honetako softwareak arrakasta handia izatea.