Ohiko sakabanatzaileen egokitasuna zalantzan jarri arren, ez dute produktu hoberik aurkitu
Apirirlaren 21ean Mexikoko golkoan lehertu eta hondoratu zen Deepwater Horizon plataformak eragindako petrolio-isuriak buruhauste bat baino gehiago ekarri ditu. Itsasoko edozein petrolio-isuriren aurrean gertatzen den moduan, ingurumena babesteko ekintzak antolatu behar izan dituzte. Eta, horrekin lotuta, substantzia sakabanatzaileen kimikari buruzko kezkak izan dira. Hain zuzen ere, EPA Estatu Batuetako ingurumen-agentziak zalantzan jarri zuen ohiko sakabanatzaileen egokitasuna, baina, ikerketa azkar bat egin ondoren, ez zuen ordezko produktu hoberik aurkitu.
Isuria tratatzeko moduak berak paradoxa bat sortzen du. Itsasoan dauden petrolio-orbanak handiak dira, eta oso poliki lurruntzen edo degradatzen dira; ondorioz, denbora luzean dira arriskutsuak bizidunentzat. Sakabanatzaileen funtzioa da orbanak zati txikiagotan puskatzea. Baina ohiko sakabanatzaileak toxikoak dira, eta horrek paradoxa bat sortzen du.
British Petroleum (BP) plataformaren jabeak erabiltzen duen sakabanatzaile nagusia, Corexit 9500, ez da berria; Exxon Valdez petrolio-ontziaren isurian erabili zuten, hain zuzen ere, ordura arte erabiltzen zuten Corexit 9527 askoz ere toxikoagoa delako. Baina, maiatzaren 20an, EPAk beste sakabanatzaile bat erabiltzeko eskatu zion BPri, Corexit 9500ren toxikotasunarengatik. BPk erantzun zuen ez zutela ordezko seguruagorik, eta EPA bera hasi zen ordezko baten bila. Baina, zortzi sakabanatzaileren toxikotasuna aztertu ondoren, ez du aurkitu.
Adituak kezkatuta daude. Ohiko sakabanatzaile guztiek petrolioak baino toxikotasun txikiagoa dute, baina bi substantzia horien konbinazioarena oso handia da. Gainera, sakabanatzaileak gehitzeak badu desabantaila bat: lagundu egiten dio petrolioari hondoratzen; horregatik, hasieran baino organismo gehiagori eragiten die petrolioak. Horregatik, EPAk hartu behar izan duen erabakia ez da erraza izan; ikerketaren emaitzak uztailaren 8an argitaratu zituen, eta BPk Corexit 9500 erabiltzen jarraitu zuen.