Memoria atomikoa

Informazioa atomoetan gordetzen duen memoria garatu dute Wisconsin-go Unibertsitateko ikertzaileek. Atomoetan oinarritutako memoriak nanoteknologiaren erronka handietako bat dira gaur egun, horrela, CD batek 650 megabit ez, 650 milioi megabit gorde ahalko lituzkeelako. Ideia, Richard P. Feynman fisikariak proposatu zuen 1959an; orduan, makina geroz eta txikiagoak egiteko aukeraz hitz egin zuen, atomoaketa molekulak zuzenean maneiatzeko tresnak izan arte.

Wisconsingo Unibertsitateko ikertzaileek tresna horietako bat, tunel-efektuko ekortze mikroskopioa, erabili dute silizio-atomoz osatutako geruza batetik atomoak banan-banan ateratzeko. Hutsune horietako bakoitza informazio-bit bati dagokio, nahiz eta praktikan (hutsuneek egonkorrak izan behar dute; beraz, ezin da bat bestearen ondoan jarri) 20 atomoko sistema batek osatzen duen bit bakoitza. Sistemaren bertsio praktikoak egiteko, baina, oztopo ugari gainditu beharko da oraindik. Giro-tenperaturan funtzionatzea lortu behar da eta informazioa azkar metatu eta irakurtzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila