Alzheimerrak eragindako oroimen-galera eragozteko mekanismo gako bat identifikatu dute

mekanismo-gakalzheimerrak-eragindako-oroimen-galer
Shira Knafok eta haren lantaldeak alzheimerrean gertatzen den oroimen-galera eragozteko estrategia molekular bat garatu dute. Arg. Ikerbasque

Alzheimerren gaitzaren ondorioz neuronen arteko sinapsietan gertatzen den aldaketa batek oroimen-galera ekartzen duela argitu dute gaur egun Biofisika Unitateko kide den Shira Knafo doktoreak eta haren taldeak. Are gehiago, saguetan egindako esperimentu batean, aldaketa horretan eraginda, saguek oroimenari eustea lortu dute.

Knaforekin batera, Severo Ochoa Biologia Molekularreko Zentroko eta Espainiako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitateko ikertzaileak aritu dira lanean, eta Nature Neuroscience aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Hain zuzen, 2010. urtean, oroimen-prozesuetan parte hartzen duen proteina giltzarri bat identifikatu zuten Severo Ochoa zentrokoek: PTEN proteina. Orain, Knafok gidatutako ikerketan, frogatu dute proteina horrekin lotutako mekanismoa deskontrolatu egiten dela alzheimerrean.

Zehaztu dutenez, alzheimerrean agertzen den beta-amiloideak behar baino PTEN gehiago igortzen du sinapsietara, eta, horren ondorioz, neuronen arteko plastizitate-mekanismoak desorekatu egiten dira. Horrek ekartzen du, hain justu, oroimena galtzea.

Hortik abiatuta, oroimen-galera eragozteko estrategia bat proposatu dute ikertzaileek: PTEN proteina sinapsietara iristea galarazten duen tresna molekular bat garatu dute. Saguetan probatu dute, eta baieztatu dute, horren bidez, neuronak beta-amiloideekiko erresistente bihurtzen direla eta saguek oroimenari eusten diotela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila