Mekanika kuantikoaren eraginpeko egiturarik handiena

Mekanika kuantikoaren printzipioetako batek dioenez, ezin dira partikula baten kokapena eta abiadura batera neurtu. Hala ere, efektu hori egitura handietan desagertu egiten da. Orain, Anton Zeilinger fisikari austriarrak mekanika kuantikoaren eraginaren muga uste baino molekula handiagoetan dagoela adierazi du. Bere ustez, fisika kuantikoaren efektuak egitura handietan ikusi ahal izatea trebetasun- eta diru-kontua besterik ez da.

Zeilinger-ek hirurogei karbono-atomoz osatutako fulereno bat (pilota-itxurako molekula) aztertu du. Handi eta txiki daitekeen zirrikitu batetik pasarazi zuten molekula horien sorta bat. Laser-sentsore baten bitartez, molekulen abiadura neurtzen saiatu ziren zirrikitua zeharkatzen zuten une berean. Zirrikitua zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta aldakorragoa zen une horretan neurtutako molekulen momentua, abiadura alegia.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila