Material superitsasgarria gekoen eskutik

Manchester-ko Unibertsitateko ikertzaileek material oso itsasgarri bat asmatu dute. Hori lortzeko, gekoetan oinarritu dira. Gekoak ezagunak dira duten itsasteko gaitasunagatik; adibidez, oin bakar batetik sabaitik zintzilika daitezke erori gabe. Duela gutxi, zientzialariek gekoen sekretua argitu eta gaitasun hori zeri zor zioten jakin zuten.

M. Moffett/Pnas

Nonbait, oinetan dituzten milioika iletxoei esker dira edozein tokitara itsasteko gai. Azala lehorra duten materialetan, iletxo horiek Van der Waals indarren bidez lotzen zaizkie materialaren molekulei. Azal hezeei eusteko, berriz, barreiatze kapilarraren efektuaz baliatzen dira, hau da, xurgatze moduko bat gertatzen da. Lekedarik ez dagoenez, azala erabat garbi gelditzen da gero.

Ikertzaileek lortutako materialak ere ezaugarri hori du, alegia, zinta kendu eta gero ez da inolako arrastorik gelditzen. Gainera, beste edozein itsasgarri baino itsasgarriagoa da. Material horrek, ordea, badu eragozpen bat: oraindik oso garestia da industria-mailan ekoizteko. Beraz, ikertzaileak materiala merkatzeko modua aztertzen ari dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila