Maskuri-infekzioak oso zailak dira guztiz sendatzen; sarritan, behin eta berriro azaltzen dira. Orain, ikertzaile batzuek horren zergatia azaldu dute Science aldizkarian. Maskuri-infekzio gehienak Escherichia coli bakterioak eragindakoak dira.
(Argazkia: S.J. Hultgren / Science).Oso arruntak dira, batez ere emakumeetan, eta, antibiotikoekin erraz tratatzen badira ere, zenbaitetan errepikariak bihurtzen dira. Kasu horietan, gaitza giltzurrunera zabaltzeko arriskua dago; beraz, bakterioak antibiotikoei eta sistema immuneari ihes nola egiten dien jakin nahian dabiltza aspalditik ikertzaileak.
Hori jakiteko, AEBetako Washington Unibertsitateko ikertzaileek bakterioarekin infektatu dituzte sagu batzuk. Gero, saguen maskuriak mikroskopioz aztertu eta haien azala kozkorrez beteta dagoela konturatu dira. Hain zuzen, kozkor horietan gordetzen dira bakterioak.
Kozkorren barruan, bakterioak pili izeneko luzapen batzuez estalita eta zuntzez osatutako sare batean daude. Horri esker, sistema immunearen eta antibiotikoen erasoei eustea lortzen dute. Bestetik, egitura hori hainbat bakteriok tresna medikoetan eratzen dituzten biofilmen antzekoa da, baina, kasu honetan, zelula bizietan azaltzen da. Hori guztia jakinda, bakterioak ezabatzeko modu eraginkor bat aurkitzea espero dute ikertzaileek.