Marrazoek nekez erasotzen diete hondartzetan dabiltzan igerilariei eta gure kostaldean horrelakorik gertatzen denik ez dugu egunkarietan irakurtzen. Hala ere, munduan oro har, marrazoek gero eta pertsona gehiagori erasotzen diete. 1985ean 14 pertsona izan ziren kaltetuak, baina 1995ean 62. Igoera horren arrazoia lurralde beroetako hondartzetan turista gehiago ibiltzea izan daiteke. Gainera garatu gabeko herrietako hondartzak ez dira behar bezala zainduta egoten.
Marrazoen kontrako POD (Protective Oceanic Device) izeneko sistema elektrikoa prestatu du Hego Afrikako Durban hirian marrazoak ikertzeko dagoen Natal Sharks Board erakundeko Graham Charter-ek. Proba gisa arrakastaz erabili dute urtebetez Australiako Valerie eta Ron Taylor adituek.
POD sistema igerilariek eta surflariek erabiltzekoa da eta ez du inolako arriskurik. Aparatua bizkarrean eramaten da eta 12 volteko eremu elektrikoa sortzen du. Hori aski da marrazoak uxatzeko, hauek tentsio-aldaketekiko oso sentikorrak direlako.