Karibeko itsasoan bizi den marmoka bat, Tripedalia cytosphora, ikusteko gai da. Marmoka gehienak ez dira mugitzen janari bila joateko; urak eramaten ditu alde batetik bestera, eta parean egokitzen zaizkien elikagaiak hartzen dituzte, besterik gabe. Marmoka horrek, berriz, igeri egiten du janaria harrapatzeko. Hortaz, ikusteko aukera izatea benetan mesedegarria da harentzat.
Marmokek ez dute garunik; nerbio-eraztun bat besterik ez dute. Horregatik, ezingo lukete prozesatu gure begien modukoekin jasotako informazioa. Baina marmoka ehiztariak bestelako begiak ditu. Marmoka ez da erabat globo-itxurakoa, lau izkina ditu, eta izkina bakoitzean ikusten laguntzen dion sistema bana du. Sistemaren barruan lau begi eta bi lente ditu. Begiak oso sinpleak dira, pigmentuz betetako puntu soilak.
Hori nahikoa du marmokak nondik nora dabilen jakiteko. Nonbait, ez du oso bista zorrotza, baina, bestetik, gauzak zehatzago ikusiko balitu, informazio gehiegi jasoko luke. Horrela, berriz, inguruko egitura handiak ikusten ditu, eta gauza txikiek ez diote traba egiten. Neurri-neurriko ikusmena, beraz.