Ikerbasquek emakume ikertzaileen lana aitortzeko eman dituen aintzatespenen lehen edizioan hiru emakumeren lana saritu dute. Maribel Arrioartua Marcaida, Aitziber Lopez Cortajarena eta Maia Garcia Vergniory ikertzaileek jaso dute aitortza hori. Aintzatespen bakoitzarekin karrera zientifikoko fase desberdinak aitortu nahi izan dituzte: ibilbide zientifikoa, ikerketa-esparru batean izandako lidergoa, eta emakume ikertzaile gazte batek egindako ekarpen nabarmena, hurrenez hurren.
Maribel Arriortua Marcaida EHUko Kristalografia eta Mineralogiako katedraduna da, EHUn katedra lortu zuen lehen emakumeetako bat. IMaCris/MaKrisI ikerketa-taldea sortu zuen eta aitzindaria izan da ingurumenaren nahiz energiaren arloetan aplika daitezkeen sistema multifuntzionalen ikerketan. 2010ean Euskadi Ikerketa Saria jaso zuen, eta 2012an, Zientzien Arteen eta Letren Euskal Akademiako kide oso izendatu zuten. Orain Arriortuaren ibilbide osoaren aitorpena jaso du.
Aitziber Lopez Cortajarenari berriz, proteinen ingeniaritzaren arloan lortu duen lidergoa aitortu diote. Yale Unibertsitatean eta Madrilen, IMDEA-Nanociencian, ibili ondoren, CICbiomaGUNEn Nanoteknologia Biomolekularreko taldea zuzentzen du, eta ERC-Consolidator Grant laguntza garrantzitsua jaso du.
Azkenik, Maia Garcia Vergnioryri material topologikoen esparruan egin duen ekarpena aitortu diote. Max Planck Institutuan eta Lawrence Berkeley National Laboratoryn ibili da, eta, gaur egun, DIPCn ari da material topologikoak ikertzen. 2017an L’Oreal Unesco for Women in Science saria jaso zuen.