Margarita Salas Falgueras biokimikaria hil da, 80 urterekin. Espainia basamortu zientifikoa zenean, phi29 fagoa ikertzen hasi zen, eta, hortik abiatuta, arlo oso bati ireki zion atea.
Elhuyar aldizkariari duela urte batzuk emandako elkarrizketan aitortu zuenez, phi29 fagoak “poztasun handiak” eman zizkion. Fagoak bakterioak infektatzen dituzten birusak dira, eta hura ikertzen hasi zenean ez zekien zer ondorio izango zituen. Birusaren morfogenesia, eta material genetikoaren erreplikazio-mekanismoak eta gene-espresioa ikertu nahi zituen, eta, horretarako, fagoa eredu aproposa zela susmatzen zuen.
Hala, fagoaren erreplikazioaren proteina abiarazlea eta DNA polimerasa topatu zituen. Polimerasak DNA anplifikatzeko gaitasuna duenez, aplikazio ugari izan ditu, hasi analisi genetikoetatik paleontologiara.
1963an lortu zuen doktoretza Biokimikan, Unibertsitate Konplutensean (Madril). Ondoren, New Yorken, hiru urtez aritu zen ikertzen Severo Ochoa de Albornoz Kimikan Nobel saridunarekin. Espainiara itzuli zenean, genetika molekularreko Espainiako lehen ikerketa-taldea sortu zuen, Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusian (CSIC) , eta CSICeko bere laborategian jarraitzen zuen ikertzen, heriotzak bere lana eta bizitza eten dituen arte.
Elhuyarrek garatutako teknologia