Mamut baten genomaren % 70 deskodetzea lortu du Pennsylvania Estatu Unibertsitateko ikertzaile-talde batek. Lehenengo aldia da iraungitako animalia baten ia genoma osoa deskodetu dutena.
Lortutako datuek berretsi egin dituzte orain dela hiru urte talde horrek berak ateratako ondorioak. Orduan, mamuten mitokondrioetako DNA sekuentziatu zuten, eta jasotako informaziotik ondorioztatu zuten bi mamut-espezie zeudela Siberian, eta orain dela sei milioi urte bereizi zirela mamutak elefanteetatik. Mitokondrioetako genoma, ordea, oso mugatua da; hau da, oso genoma-kantitate txikia dauka, eta ikerketa hark emandako emaitzak ez zituen asebetetzen paleontologoak.
Orduko ondorio beretara iritsi dira oraingo ikerketan, nukleoetako DNA ikertuta. Azterketa hori egiteko materiala Interneten erosi zuten ikertzaileek; eBay salerosketako web gunean, hain zuzen. Errusiar batek salgai zuen mamuten ile-sorta bat erosi zuten. Zientzialarien esanean, ilea DNA-iturri hobea da hezurrak baino, aukera gutxiago duelako bakterioak edo onddoak izateko.