Mamut baten enbrioia, Siberian

Ob ibaiaren arroan mamut baten enbrioiaren behe-masaila aurkitu dute. Enbrioiak 15 aste inguru zituen ama hil zenean, hau da, haurdunaldiaren azken asteetan zegoen mamut emea; bai mamuten bai eta elefanteen haurdunaldiak 22 eta 23 aste bitartekoak izaten dira.

Masailezur hori ez da Ob ibaiaren ertzetan aurkitu den fosil bakarra, ibaiak inguruko lurrak pixkanaka eramanda industen dituelako fosilak. Han aurkitutako fosil gehienak Pleistozeno arokoak dira; besteak beste ugaztun handiak aurkitu dituzte.

Enbrioiaren kasuan, datazio zehatza ez da oraindik egin; horretarako, fosilaren kolorazioa eta fosiltze-maila aztertuko dituzte zientzialariek. Dena dela, mamutak duela 14.000-27.000 urte bizi izan ziren Siberian.

Aurkitu berri den masailak jadanik garatuta zituen hortzak. Zientzialarien ustez, mamutak klima hotzean bizi zirenez, gaurko elefanteek baino lehenago garatu behar izaten zituzten hortzak, hiru hilabeterekin belarra jaten hasteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila