Malformazioak haur txinatarrengan

Lan bat argitaratu da, eta esaten denez, malformazio-kopurua eta ernalketa-garaia zuzen-zuzenean erlazionaturik daude.

China Daily

izeneko egunkarian haur txinatarren malformazioei buruzko lan bat argitaratu zen. Lan horretan esaten denez, malformazio-kopurua eta ernalketa-garaia zuzen-zuzenean erlazionaturik daude. Ernalketa neguan edo udaberriaren hasieran izaten bada, malformazioen kopurua 7,9 milakoa da batezbeste.

Aldiz, ernalketa udan edo udazkenaren hasieran gertatzen bada, malformazio-kopurua 5,4 milakoa da batezbeste. Zenbaki hauen esanahia argitu asmoz, ikerlariek gakoa emakume haurdunek arnastutako airean dagoela diote.

Poluzio handiena neguan izaten da, etxerik gehienetan ikatzezko berogailuak erabiltzen dira eta. Azterketa hau egiteko 2,2 milioi pertsonako lagina hartu da eta Shenyang eta Dalian (iparrekialdean) eta Zehng-zhou (erdiekialdean) gune industrialetan kokatu da.

Urtaroa ez da faktore determinatzaile bakarra. Industrian lan egin eta hirietan bizi diren emakumeak dira arriskurik handiena dutenak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila