Malawi lakuaren sekretuak

Negu honetan lehenengo aldiz, Afrikako ekialdean dagoen Malawi lakuan murgilduko dira zientzilariak. Urrunetik gidatutako miniurpekuntzi baten bidez ikerlariek laku honen ekosistema delikatua aztertu ahal izango dute.

Miniurpekuntzi hau Iparrameriketako laku handietan erabilia izan da jadanik. Baina bada desberdintasun esanguratsu bat Ameriketako Laku Handien eta Malawi lakuaren artean. Haiek oso gazteak (12000 urte) eta biologikoki nahikoa antzuak diren bitartean, hau oso zaharra da (20 milioi urte) eta biziaren joritasuna bete-betean darakusa.

Uste denez Malawi lakuan ur gezetako 300-400 arrain-mota desberdin dago. Gainera, arrain hauek bereziak dira eta ez dira munduko beste lakuetan aurkitzen. Batzuk bertako biztanleen proteina-iturri garrantzitsu dira; beste batzuek salneurri handiak dituzte akuario-arrain moduan.

Azterketa hauen bidez lakuan gertatzen diren elkarrekintza biologiko konplexuak ezagutu, edo argitu bederen, nahi dira. Honekin bestalde, antzeko beste laku batzuetan gertatu diren hondamendi ekologikoei ekidin nahi zaie. Antzeko jatorri eta egitura duen Victoria lakura arrain arrotzak sartu ziren arrantza ugaritu nahiean. Arrain hauek, Niloko perkak eta klupeidoek alegia, bertako arrainak, ia erabat baztertu dituzte. Gainera ingurutako biztanleei ez zaie arrain berri horien zaporea gustatzen.

Espero dezagun ikerketa hauek Malawi lakuan gordetzen den ondarea alferrik ez galtzeko balio izatea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila