Malariaren aurkako erremedio zahar baten azterketa

Txinako belar batek aurre egiten dio malariaren bizkarroiari; horregatik, eta bizkarroia botika askorekiko erresistente bilakatu delako, Asiako hego-ekialdean asko erabiltzen da landare horren estraktua. Orain, zientzialariek substantzia eragilearen funtzionamendua argitu dute.

Landarea Artemisia annua da, asentsio-belarraren generoko belar bat. Haren estraktua, artemisinina, malariaren aurkako erremedio tradizionala da Txinan. Produktu horren molekularen egituran peroxido-zubi bat dagoela jakinda ere, medikuek ez zekiten nola erasotzen zion Plasmodium falciparum bizkarroiari.

Orain, biokimikari batzuek PfATP6 proteinaren inhibitzailea dela aurkitu dute, bizkarroiak energia ekoizteko erabiltzen duen proteinetako batena, hain zuzen ere. Artemisininak ugaztunek duten beste inhibitzaile baten antza du, eta antzekotasun horretatik abiatuta lortu dute jakitea zein funtzio duen estraktuak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila