Makilatxoak, makilak mendian: urritza

Espezie hau eta bere genero zein landare-familian kokatzeko, gaur egun oraindik ere espezialistak ez daude ados. Batzuen ustez, Corylus genero berak familia independentea osatuko luke, baina batzuek betulazeoen barruan kokatzen dute. Gu azken aukeraren alde azaltzen gara, hau da, betulazeoen barruan kokatuko genuke.

Familia honen barruan azaltzen diren generoak, zuhaitz eta zuhaiska hostoerorkorrak izaten dira. Landare monoikoak izaten dira eta lore arrak gerba zilindriko zintzilikarietan azaltzen dira. Emeak berriz, glomerulu edo gerban. Bestalde, polinizazio anemogamoa izaten dutela adierazi behar da. Bere baitan 6 genero daude eta 170 espezie inguru aipatzen dira; Ipar Hemisferioko zona hotz eta epeletan alde batetik, eta Andetako mendilerroan zabaldurik bestetik. Corylus generoari dagokionez, bere baitan 15 espezie inguru hartzen ditu, eta jatorriz Europa, Ipar Amerika eta Asiako iparraldekoak dira.

(J. Terés)

Urritza berriz, zuhaiska edo zuhaitz txikitzat har dezakegu. 8 m-rainokoa da. Oso tipikoa da oinetik hasitako bere adarkadura, eta horregatik enbor nagusirik gabeko landarea izaten da. Azala leuna du, gaztetan arre-gorrizta, zahartutakoan hauskara eta zartatua bihurtzen dena. Hostoak, 5-10 eta 15 cm bitartekoak, obatuak, zimurrak eta txorten laburrekoak izaten dira. Gainaldetik berdeagoak dira, gaztetan alde bietan pubeszenteak eta gerora gainaldetik ilegabeak. Lore emeak berriz, oso gutxi nabarmentzen dira eta alboadasken puntetan egoten dira. Negu bete-betean loratzen da, eta fruituak (hurrak) abuztutik urrira bitartean heltzen dira. Lehortutakoan oso elikagai preziatua eta elikagarria da.

Ia Europa osoan eta Asiako mendebaldean dago, baso hostoerorkorretako leku itzaltsu eta freskoetan. Euskal Herrian ugaria da iparraldeko zonan eta urriagoa hegoalderantz, Ebroren haraneko behealdean erabat desagertzen delarik. Anduiko pujak makiletarako eta saskigintzan erabiltzen dira. Sendabelar modura erabili izan da espezie hau, eta lehorgarria dela diote. Bestalde adaska eta hostoak basokonstriktoreak omen dira.

FITXA TEKNIKOA

Urritza

Familia: betulazeoak
Espeziea: Corylus avellana
Banaketa: Iparraldeko zonan ugaria
Habitata: baso itzaltsu eta freskoak
Sendabelarra: bai

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila