Makilak: garraiatzeko objektu arrentzat, panpin emeentzat

Makilak: garraiatzeko objektu arrentzat, panpin emeentzat
2011/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: Tambako the yaguar/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera)

Txinpantzekumeek sexuaren araberako erabilera ematen diete makilei

Ugandako Kibale Parke Nazionaleko txinpantzeei 14 urtez behatu ondoren, ikertzaileek ondorioztatu dute txinpantzekume emeek eta arrek era desberdinetara erabiltzen dituztela makilak.

Hain zuzen ere, denek erabiltzen dituzte makilak zuloak arakatzeko, ur edo ezti bila; elkar jotzeko; bakarka edo taldean jolasteko; eta leku batetik bestera eramateko. Eta azken jarduera horretan ikusi dute sexuaren araberako desberdintasuna: emeak arrak baino gehiagotan ibiltzen dira horretan, eta, gainera, ez dituzte besterik gabe garraiatzen; kumeak balira bezala ibiltzen dituzte.

Harvard Unibertsitateko Richard Wrangham primatologoa da ikerketaren zuzendarietako bat, eta, haren hitzetan, txinpantze eme gazteek "panpinen modura" erabiltzen dituzte makilak: habian uzten dituzte atseden hartzen ari direnean, haiekin jolasten dute...

Dena dela, ikertzaileek ez dute garbi jokabide hori orokorra den txinpantzeen artean. Izan ere, ez dute beste inon ikusi; beraz, litekeena da Kibalekoen ohitura kultural bat izatea. Hori hala balitz, gaztaroan tradizio berezia dutela frogatzen den lehen aldia litzateke, haurrek zenbait kanta eta joko dituzten bezala. "Txinpantzeen eta pertsonen tradizioak eta jokabideak uste zen baino are antzekoagoak direla iradokitzen du horrek", esan du Wranghamek.

Current Biolog y aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

1
272
2011
2
004
Biologia; Zoologia
Albisteak
8

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.