Sei urteko lanaren ondoren, orain arte ezagutzen ez zen antzinako zibilizazio baten berri eman dute Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko eta Nikaraguako Unibertsitate Nazional Autonomoko arkeologoek.
Aztarnategia Nikaraguako Atlantikoko kostaldean dago eta herri batek eta gutxienez horren inguruko hiru herrixkek osatzen omen dute. Monumentuak, petroglifoak, zeramika-lanak eta harrizko habe handi batzuk aurkitu dituzte han.
Zibilizazio hura duela 2.700 urte garatu zen eta mila urte iraun omen zuen. Dirudienez, maiek bereganatu zuten kultura preklasikoetako bat zen.
Aztarnategiak uste zuten baino hegoalderago eraman ditu arkeologoak, orain arte kultura preklasikoen aztarnak Erdialdeko Amerikaren iparraldean aurkitu izan baitituzte.