Maiek uste zen baino lehenago idazten zuten

Maiek uste zen baino lehenago idazten zuten
2006/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: Science / D. Stuart)

Las Pinturas izeneko maien piramidea 2005ean aurkitu zuten Guatemalan. Eta egitura hartan hieroglifiko batzuk aurkitu dituzte; duela 2.500 urtekoak omen dira, eta, ondorioz, maiek uste zen baino lehenago idazten zuten.

Idatzia zutabe batean dago: hamar hieroglifiko dira, lerro beltz finez idatziak igeltsu zuriaren gainean. Besteak beste, ajaw deitzen duten karakterea dago idatzian: agintaria edo jauna.

Orain arte aurkitu izan diren idatziak kontuan izanda, adituek uste zuten maiek inguruko zibilizazioetatik jaso zutela idazkera --zapoteketatik edo olmeketatik--, haiek baino geroago hasi zirela idazten uste zutelako, hain zuzen ere. Baina aurkikuntza honek uste hori baztertu egin du erabat; eta, are gehiago, posible da olmekek maietatik jasotzea idazkera, idatzi berriagoak direlako eta antzeko karaktereak erabiltzen zituztelako.

Berriak labur
8
1
217
2006
2
020
Giza zientziak; Historia; Irudiak/Soinuak
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila