Macintosh IIx, Apple berria

Apple Computer-ek Macintosh SE ordenadorearen konfigurazio berri bat aurkeztu du. SE 2/40 da konfigurazio berri honen izena eta 2 Mb-ko RAM memoria, 40 Mb-ko disko gogorra eta 800 Kb-ko disko malgu bat barneratzen ditu.

Honez gain badute beste ordenadore berri bat ere, Macintosh IIx-a, 68882 koprozesadore matematikoa duena eta Motorolaren 68030 prozesadorean oinarritutako lehen ordenadorea.

Macintosh IIx-ak abantaila interesgarri bat eskaintzen du: MS-DOS nahiz Apple II formatuetan idatz eta irakur dezakeen 3’5 hazbeteko disko-unitatea. Hau aurrerapauso garrantzitsua izan daiteke ordenadoreen arteko komunikazio-arloan.

Orain arte PC eta Macintosh baten arteko informazio-trukea egiteko adibidez, bitarteko programetaz baliatzen ginen; MacLink programaz esate baterako.

Bitarteko programa hauek bi makinen arteko konexio fisikoa eskatzen dute eta askotan testua pasatzea lortzen bada ere, formatua galdu egiten da.

Pentsatzekoa da sistema berri honekin ez dugula horrelako eragozpenik izango eta okerrenean ere konexio fisikoa behintzat ebitatuko dugu.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila