MIT Massachusettseko Teknologia Institutu ospetsuan, lurruntzearen aurkako geruza edo bainu bat sortu dute nanoteknologia erabilita. Orain artekoen aldean, oso eraginkorra da eta luze irauten du. Izan ere, orain ematen diren bainuak noizean behin berritu egin behar izaten dira, eta, gainera, ez dute beti balio. Adibidez, duela gutxi titanio dioxido partikulak dituen beira bat asmatu zuten. Berez, ez omen da lurruntzen, baina egun-argiz bakarrik da eraginkorra.
MITen asmatutako materiala geruzatua da, eta geruzok kristal-nanopartikulaz osatuta daude. Materiala egiteko, kristalezko xafla bat bi disoluziotan sartzen dute txandaka; aurrena, karga negatiboa duten kristal-nanopartikulen soluzioan, eta, gero, karga positiboa duen polimero batean. Hala, polimeroek lotutako sare batean harrapatuta gelditzen dira kristal-nanopartikulak. Ondoren, 500 ºC-an berotuta, polimeroa erre egiten da eta kristal-partikulak fusionatu egiten dira. Emaitza nanopartikulaz osatutako sare porotsu bat da, guztiz eraginkorra lurruntzea eragozteko.
Ikertzaileek 2-5 urte barru merkaturatzea espero dute, oso erraz aplikatzen baita edozein beiratan. Gainera, beste aplikazio bat ere badu: materialari behar den itxura emanez gero, edozein azaleratan ura nahi den lekura eramateko balio du, horretarako ubideak egin beharrik gabe.