Lurrikarak iragarriz

Sateliteko irudiek (goian) eredu matematikoarenak (behekoa) baieztatu egin dituzte.

Azken bi urte hauetan 785 kilometroko altueran Europako Espazio Agentziako ERS-1 satelitea Lurraren inguruan biraka dabil. Mundu guztiko radar-irudiak etengabe bidaltzen ditu, baina oso interesgarriak dira 1992.eko ekainaren 28an bidali zituen Kaliforniako Mojave basamortukoak. Izan ere, orduan basamortuan lurrikara izan baitzen.

Didier Masonet ikerlariak eta bere lankideek lurrean lurrikarak eragindako deformazioak ikusteko erabili dituzte irudiok. Lurrikara baino lehenagoko eta geroagoko irudiak konbinatuz, interferograma bat osa daiteke, hau da, lurreko deformazioen mapa, doitasuna 30 milimetrokoa delarik. Interferometria izeneko teknika, bi irudiren (lurrikara baino lehenagoko eta geroagokoen) arteko fase-diferentziak pixel bakoitzarentzat ateratzean oinarritzen da.

Lortutako interferograma, ia guztiz bat dator lurrikara baino lehen lurretik jasotako datuekin burututako programa matematiko batek iragarritakoarekin. Egiaztatutako programa edo eredu matematiko horren bidez, lurrikarak eta sumendien erupzioak zaindu ahal izango dira.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila