Biodibertsitate kualitatiboa ez ezik, eremu jakin bateko espezie bakoitzak zer banako-kopuru duen jakin daiteke animaliek lurrean uzten dituzten arrastoak aztertuta. Kopenhageko Unibertsitateko ikertzaile-talde batek Molecular Ecology aldizkarian argitara eman duenez, lurrean aurkitutako larruazal-zatien, ezkaten eta bestelako arrastoen DNA aztertuta jakin daiteke hori guztia.
Aukeratutako lekuan hamar zentimetroko sakonerako lurrazal-laginak hartzea nahikoa litzateke, ikertzaileen esanean, hango biodibertsitatea ezagutzeko. Lagin horretan aurkitutako DNA-aztarnak erauzi eta sekuentziatu besterik ez litzateke egin beharko.
Ideia probatzeko, abeltegi eta safari-parkeetan bildu zituzten laginak, ezaguna baita haietan espezie bakoitzeko zenbat ale dauden. Sekuentziazioetatik ateratako DNA-sekuentziak GenBank datu-basearekin alderatu zituzten, eta modu horretan ikusi zuten esperotako animalia guztien aztarnak bildu zituztela.