Lurraren zentrua, uste baino hotzagoa

Lurrak barneko nukleoan, kanpoko nukleoan eta azpiko mantuan dituen tenperaturak zeintzuk diren ez dakigu. Geofisikariek normalean barne- eta kanpo-nukleoaren arteko mugak duen tenperatura 7.500 °C-koa dela esaten dute, baina zifra horretara estrapolazioak eginda heltzen dira. Barne-nukleoa solidoa da, diotenez, eta bere inguruan duen kanpo-nukleoa (beheko mantuaren azpian dagoena), likidoa.

Tenperatura hauek kalkulu batzuk eginda ateratzen dira, baina hor bi faktorek parte hartzen dute: presioak eta urtuta dauden materialen izaerak. Baina nukleoko osagai den burdinak oso presio handitan duen urtze-tenperatura zein duen ez dakigu eta elementu arineko aleazio batzuek tenperatura horietan duten eragina nolakoa den ere ez.

Mainz-eko Max Planck Institutuko R. Boehler zientzilariak adierazi duenez, tenperatura horiek orain arte egindako kalkuluak baino txikiagoak izango lirateke. Burdinazko eta oxigeno eta burdinazko konposatuen kantitate txiki batzuk bi diamante-punten artean ipini eta laserrez berotu egin dituzte, 2 milioi bar edo 2 mila hektopascaleko presioraino estutuz. Presioa handiagotu ahala tenperaturak neurtu egin dizkiote.

Lurraren azpian, nukleo solidoaren eta likidoaren muga 5.100 kilometrora dago eta presioa 3,3 Mbarrekoa da. Saiakuntza eginda, Boehler jaunak baldintza horietan urtze-tenperatura 4.600 °C-koa besterik ez dela eman du aditzera. Bi nukleoen arteko mugan dagoen tenperatura, beraz, uste baino 3.000 °C baxuagoa da.

Kanpo-nukleoaren gainazalean tenperatura 3.700 °C-koa izango litzateke, presioa txikiagoa denez gero. Silikatozko mantuaren azpia kilometro batzuk gorago dagoelako, 2.400 °C inguruko tenperaturan egongo litzateke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila