Geoneutrinoak detektatuta, fisikari japoniarrek ondorioztatu dute Lurrak duen beroaren erdia zor diola erradioaktibitateari. Beste erdia Lurra eratu zenean zuen beroaren hondarra da.
Ondorio horretara iristeko, Tohoku Unibertsitateko fisikariek (Japonia) neutrinoak neurtu dituzte, KamLAND neutrino-detektagailua erabilita. Fisikariek detektatutako neutrino gehienak (erdia baino gehiago) erreaktore eta hondakin nuklearretatik zetozen. Beste batzuen jatorria izpi kosmikoak ziren, eta azken zatia, berriz, lurraren erradioaktibitate naturaletik zetorren, hau da, elementu erradioaktiboek askatutakoak ziren.
Fisikariek kalkulatu dutenez, erradioaktibitate naturalak askatutako beroa Lurraren azalean dagoenaren %54 da, gutxi gorabehera. Emaitza bat dator beste metodo batzuen bidez egindako kalkuluekin; beraz, ikerketa garrantzitsua izan da lehengo zein oraingo kalkuluak berresteko.
Horrez gain, gainerako beroaren jatorria zein den ere adierazi dute: gasa, hautsa eta beste material batzuk elkartuta Lurra sortu zenean zuen beroaren hondarra da. Lurrak mila milioi urtean ehun gradu galtzen dituela aintzat hartuta, eta material erradioaktiboaren desintegrazio-tasa ezaguna izanda, Lurrak oraindik milaka milioi urte beharko ditu hozteko.