Lumak garaile On Zientzia bideo-lehiaketan

Lumak garaile On Zientzia bideo-lehiaketan
2010/12/01 | Elhuyar
On Zientzia bideo-lehiaketako saridunak. Ezkerretik hasita, Sergio Rodríguez eta Nerea Blanco (2. saria), Igaratza Fraile (aipamen berezia jaso zuen Iñigo Onandiaren partez), Daniel Morcillo (1. saria), eta Wiwat Nuansing (3. saria). Arg.: Iñigo Ibáñez.

Cosas de pájaros. La pluma da On Zientzia bideo-lehiaketa irabazi duen bideoaren izenburua, eta Daniel Morcillo Garrido egilearen izena. Sari-banaketa Chillida Lekun izan zen, eta aretoa lepo bete zen bideo saridunak ikusteko.

Hunkiturik zegoen Daniel Morcillo sariarekin, eta jasotako txaloekin. Biologoa eta II. Hezkuntzako irakaslea da Morcillo, eta hegaztiak, argazkigintza eta dokumentalak egitea aspaldiko zaletasunak ditu: "13-14 urterekin lehen argazki-kamera izan nuenean hasi nintzen animaliei noranahi jarraika. Eta Biologia ikasi nuenean, Komunikazio Fakultatean egin nituen ikasketak, noizbait dokumentalak egiteko asmoz. Gero, profesionalki, hezkuntzaren bidetik jo nuen, eta hau zaletasun gisa gelditu da".

Lumek zertarako balio duten erakusten du bideoan Morcillok, irudi ederren bidez, eta ikuslea "harrapatzen" duten adibideekin. Batzuk, seguru aski, ezezagunak zaizkie ikusle askori. Hain zuzen ere, ezaugarri hori nabarmendu du On Zientzia bideo-lehiaketaren epaimahaiak: "Objektu itxuraz arrunt batetik abiatuta, gauza berriak kontatzeko gai izan da lan hau. Luma 'soil' bati heldu, eta amaieraraino harrapatzen du ikuslea kontakizunaren indarrak eta kalitateak". Morcillok 3.000 euroko saria jaso du lan horregatik.

Sari nagusiaz gain, beste hiru banatu ziren. Bigarren saria Nerea Blancok eta Sergio Rodríguezek jaso zuten, Efecto Doppler y el radar izeneko bideoagatik. "The Big Bang Theory telesailetik atera genuen ideia. Kapitulu batean, Doppler efektuari buruz aritu ziren. Grazia egin zigun, eta erabaki genuen zerbait egiten saiatzea, jendeak Doppler efektua uler dezan", azaldu zuen Blancok. Epaimahaiaren hitzetan, baliabide gutxi eta irudimena erabilita, ondo marraztutako bideoa da, eguneroko bizitzarekin oso lotua. Radar baten ondotik pasatzen garen bakoitzean beti gogoratzeko modukoa. "Zentro teknologiko handiekin eta alderatuta, inolako aukerarik ez genuela pentsatzen genuen. Baina arriskatu egin ginen", zioen Rodríguezek.

Hirugarren saria hitzez hitz dator bat On Zientzia lehiaketa barne hartu duen ekitaldi-sortaren leloarekin: Passion for Knowledge. Izan ere, hori bera da epaimahaiak azpimarratu duen ezaugarri nagusia eta saria emateko arrazoia: bideoak eta egileak erakusten duten zientziarekiko grina. Horregatik, eta bideoaren originaltasunagatik, hirugarren saria jaso du Wiwat Nuansingen Science on the way lanak. CIC nanoguneko ikertzailea da Nuansing, thailandiarra jatorriz, eta honela mintzatu zen saria jaso ondoren: "Erakutsi nahi nuen zientzia toki guztietan dagoela, baita hemen ere, Donostian. Eta interesa eta ongi pasatzeko gogoa izanez gero asko ikasten dela. Nire bideoan, esaterako, Coca-Cola botila batekin maldak neurtzen ditut".

Hiru horiek ziren lehiaketaren sari nagusiak, baina On Zientzia lehiaketaren epaimahaiak aipamen berezia egin dio Azti-Tecnaliako ikertzaile Iñigo Onandiak aurkeztutako bideoari ere. Pescando en la ciencia da bideoaren izenburua, eta, aipamen berezi horrekin, ikerketa-zentroen dibulgatzeko ahalmena eta ahalegina saritu nahi izan ditu epaimahaiak. Onandia Norvegiako itsasoan zebilen lanean eta ezin izan zuen saria zuzenean jaso, baina haren lankide Igaratza Frailek arrantzaleak izan zituen gogoan, "haien ontzian hartzen gaituztelako. Haiek gabe ezinezkoa litzateke bideo hau".

Parte-hartze ugaria eta anitza

(Argazkia: Iñigo Ibáñez)

Bost lagunek osatu dute On Zientzia bideo-lehiaketaren epaimahaia: Enrique Zarate, Passion for Knowledgeren Hiriko ekintzen arduraduna; Marian Iriarte, EHUko Gipuzkoako Campuseko kanpo-harremanetarako zuzendaria; Alberto Gorritiberea, zinema-zuzendaria; Onintze Salazar, Euskalmeteko fisikaria, eta Beñar Kortabarria, Teknopolis telebista-saioaren zuzendaria.

Lan handiak izan dituzte saridunak aukeratzeko. Izan ere, bideo asko aurkeztu dira lehiaketara, eta askotarikoak izan dira gaiak, ikuspegiak eta parte-hartzaileak: ikasleak, irakasleak, zentro teknologikoetako ikertzaileak, ikus-entzunezkoetako profesionalak...

Guztira, 50 bideok hartu dute parte On Zientzia lehiaketan; horietatik, 37 Euskal Herritik iritsi dira; 8, Herrialde Katalanetatik; 2, Berlindik, eta bana Cambridge, Sevilla eta Tenerifetik. Hizkuntzari dagokionez, euskaraz 10 bideo jaso dira; gaztelaniaz, 35; ingelesez, 4, eta bat hiru hizkuntzetan.

Saridunak bezain pozik zeuden antolatzaileak ere. Lehiaketa martxan jarri zutenean, ez zekiten oso ondo nolako harrera izango zuen halako sariketa batek, eta arrakasta ikusita, bigarren edizio bat egiteko gogoz daudela adierazi zuten Elhuyar Fundazioa eta Donostia International Physics Center erakundeetako ordezkariek.

Eta sari-banaketa bukatu ondoren, beste sari bat, han bildu ziren guztientzat: Jane Goodall primatologo ospetsuak Afrikako ahotsa ekarri zuen, txinpantzeen ahotsa. Elhuyarrek ere jaso nahi izan zuen ahots hori, eta hurrengo zenbakian izango duzue aukera Goodalli egindako elkarrizketa irakurtzeko.

Bideo saridunak, finalistak eta parte-hartzaile guztiak http://www.onzientzia.tv/ webgunean daude.

1
270
2010
12
016
Sariak
Albisteak
18
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila