UEUk uztailean Iruñean antolatutako ekitaldietan Luismi Agirrezabala geologoarekin topo egin eta aurreko egunean izandako saioen berri eman zigun. Elkarrizketa motza izan bazen ere, Agirrezabalak adierazi ziguna oso interesgarria iruditu zitzaigun eta kaseta martxan jarri genuen. Hona hemen esan ziguna:
Goizean Olatz-en izan gara. Bertan dagoen harana, biologiaren zein geologiaren ikuspegitik, interesgarria da. Landarediaren eta lurraren artean dagoen erlazio zuzena aztertu dugu. Inguruko mendietan artadiak daude batez ere. Zuhaitz-mota honek lurzoru basikoa behar du, eta lurra analizatzen badugu, basikoa dela ikusiko da. Haranaren barrenean hariztia dago. Hariztia hazteko lurzoru azidoa behar da, eta lurra analizatzen bada, azidoa dela ikusiko da.
Bestalde, harana oso itxia da. Ezaugarri honek karstifikazioa izan dela adierazten du, hau da, haran hau urek eragindako disolbaketaren eraginez sortu da. Hasieran, disolbaketak zulo txiki batzuk besterik ez zituen sortu eta karstifikazioa areagotuz joan ahala, gero eta zulo handiagoak egin ziren. Horrela haran itxia sortu zen eta urak garraiatutako betekinak haranaren hondoan metatu ziren. Arrazoi honegatik hain zuzen ere, hondoko lurrak azidotasun-maila altua du eta aldiz, maldetako lurrak basikoak dira.
Arratsaldeko saioan Ondarroako antzinako abaniko turbiditikoa aztertu genuen. Lehenbizi, abaniko turbiditikoa zer den azaldu zen. Abaniko turbiditikoa itsaspean sortutako metakin-multzoa da. Metakin-multzo hauek batez ere jauzi edo ezponden oin aldean, izaten dira. Ezpondaren goi aldean urak ebakitako kanal modukoak izaten dira elkarren ondoan eta beherantz joan ahala kanalak bananduago daude eta beren sakonera txikiagotu egiten da, desagertu arte. Ondarruko abaniko turbiditikoak baditu ezaugarri batzuk. Guk abanikoaren kanal bat eta bere betekina aztertu genituen. Guztiz konglomeratikoa zen eta konglomeratuaren harri-kozkorrak oso latzak ziren. Abaniko hau Ondarroa ondoko Saturraran aldekoa da. Ondoren, Larruskain aldeko konglomeratua aztertu genuen, bertako ale-xehetzearen joera nolakoa zen ikusiz. Betekineko aleak askoz ere finagoak ziren eta geruzak ere askoz meheagoak.