Arratoia korrika doanean, ez dauka erabili beharrik bere garuna; nerbio-sistema zentralak automatikoki gobernatzen du ekintza hori. Hala ere, lokomozioa eragiteko muskuluak gidatzeko zentroak non zeuden ez zekiten zientzilariek. Marseillako CNRS-ko Neurobiologi Laborategiko ikertzaileek ordea, arratoi jaio berrian bizkarrezurreko muinean sustrai bentral-lunbarretan ongi mugatutako zona bat aurkitu dute.
Lehen aldiz aurkitu da hain kokapen zehatza, baina oraindik lana ugari egin beharko da beste espezieetan ere (gizakian, adibidez) lokomozio-zentroak hor dauden edo ez zehazteko. Azken helburua paraplegiak (hanketako paralisiak) hobeto ulertzea eta erremedioa aurkitzen saiatzea da.