Milaka liztor-espeziek beldarretan jartzen dituzte beren arrautzak, eta, aldi berean, "toxina" bat isurtzen dute, beldarrak paralizatu eta liztorraren larbak haietaz elika daitezen. "Toxina" horiek proteinazko kapsula batean sartutako DNA-zati bat dira. Horregatik, birus gisa sailkatu izan dira. Horrek, hala ere, eztabaida sortu du. Izan ere, toxina horiek ez dituzte birusek erreplikatzeko erabiltzen dituzten proteinak.
Frantziako CNRS erakundeko ikertzaileek DNA-zati horren geneak kodetu dituzte, eta ikusi dute gene horiek liztorraren genoman txertatuta daudela. Gainera, ikusi dute gene horiek duela ehun milioi urte liztorren arbaso batek hartutako birus batetik eratorriak direla.
Gaur egun, liztorrak birusaren beharra du bizirik irauteko, birusak laguntzen baitio arrautzak jartzen beldarretan. Halaber, birusak liztorra behar du bizirik irauteko; izan ere, birusa liztorren obulutegietan soilik erreplika daiteke.