Genero honen familia nahikoa ongi ordezkatuta dago Euskal Herrian. Bere baitan 100 bat genero eta 2.000 inguru espezie aipatzen dira eta kosmopolitak dira. Lithodora generoan 17 espezie inguru ezagutzen dira eta hauetatik hiru aurki daitezke gure lurraldean: Lithodora fruticosa , L. diffusa eta aztergai dugun L. prostata .
Espezie hauek muluak dira, hau da, oinaldea bakarrik dute zurtua eta zima-eran amaitzen diren loreak urdin-purpura dira, oso deigarriak. L. diffusa eta L. prostata duela gutxi arte espezie berean sailkatzen ziren. Gaur egun, Kantabriar mendikateako endemismotzat hartzen da lehena eta Euskal Herrian mendebaldeko ertzean bakarrik topa daiteke. Aztergai dugun Lithodora , bestalde, mendebaldeko Atlantikoko kostaldean bizi da, Bretainiako Finistèretik Afrikako iparralderaino.
Azken espezie hau, L. diffusa landarearen antza duen mulua da. Baina erraz bereizten da loraldian, estanbreak korola-hodian altuera desberdinetan baititu. Txilardi eta sastrakadietan bizi da eta gehienetan substratu-mota berdin zaio. Baina ezin du L. diffusa rekin batera bizi, horrelakoetan, Lithodora prostata sastrakadi azidofiloetan hazten da eta bestea basofiloetan.
Aurrez esan bezala, Lithodora prostata k oso lore polita du, urdin-purpura kolorea du eta oso deigarriak dira. Negu bukaeratik udazkenera bitartean ikusi izan dugu loretan, nahiz eta udaberria izan bere sasoirik emankorrena. Euskal Herrian, isurialde atlantikoan arrunta da, itsas ertzetik gertu batez ere. Azaltzen ari garen landarea ez dugu sendabelartzat hartu, baina esan behar da genero bereko Lithodora fruticosa libragarri eta freskagarritzat erabili izan dela.
Familia: boraginazeoak |