Leukaenaz zuhaitza basozaleentzat liluragarria izan da tropiko eta subtropikotan. Zuhaitz honek azkar hazteaz at idorraldiei aurre egiten die eta gainera nitrogenoa finkatzen du. Gobernu eta laborariek oso egokitzat jo izan dute bai birlandaketa-plangintzetarako eta baita lursail marjinalak berreskuratzeko ere. Bestalde, oso egur- eta zur-iturri oparoa da. Horregatik, leukaena erruz landatua izan da tropiko eta subtropikotako sail zabaletan.
Baina bapatean, milaka leukaena gaixotzen eta hiltzen hasi dira. Intsektuen erasoetatik libre zegoela uste zen zuhaitz hau, Heteropsylla cubana izeneko zomorroaren biktima da.
Txitxare itxura duen intsektu hau, Floridan detektatu zen lehenengo aldiz 1983.ean. Haizeen laguntzaz 1984.erako Hawai-ra iritsia zen, 1985.erako Samoa-ko mendebaldera eta 1986.erako Indonesia, Papua Ginea Berri, Australia, Malasia eta Thailandiara. India izan liteke hurrengo urratsa eta Afrika azkena.
Intsektu helduak kaltegarriak izanik ere, ninfak dira kaltegarrienak. Ninfek kimu berriak bakarrik jaten dituzte eta gainera materia liskatsu bat jariatzen dute, beste kimuen garapena oztopatuz. Uste denez, txistuaren bidez toxinak injektatzen dizkiote zuhaitzari. Intsektuen erasoaren ondoren, zuhaitzak ahuldurik gelditzen dira eta oso sentikor bihurtzen dira edozein gaixotasunekiko. Lehortetan eta zoru pobretako zuhaitzetan, areagotu egiten da arazoa.
Oraindik ez da izurria kontrolatzeko bide egokirik aurkitu. Pestizida kimikoak, honelako intsektu jauzkari baten kasuan eraginkortasun txikia izateaz gain, garesti eta arriskutsuak (erabiltzaile eta ingurugiroarentzat) dira. Intsektuaren harrapatzaile exotikoak erabiltzea pentsatu da; Curinus coeruleus kakalardoa esaterako. Baina kontu handiz ibili behar da kanpoko espezieak biotopo batean sartzerakoan, harrapatzailea ere azkenik izurri bihur ez dadin.
Epe luzerako, erasoa jasaten duten leukaena-barietateak edo nitrogeno-finkatzaile diren beste zuhaitzak ( Calliandra , Sesbania eta Gliricidia ) landatzea izan liteke irtenbidea.
Hala eta guztiz ere, istorio honek badu mamia; ederki asko erakusten bait ditu monokultiboak dituen arriskuak. Espezie arrotza erabiltzen denean batez ere.