Liburuen kontserbazioa


Giza ezagutzaren eta jardueraren arlo asko eta asko paperean bilduta daude eta altxorra bailiran gordetzen ditugu. Gure iragana eta historia ezagutzeko ere tresna garrantzitsua da. Baina zoritxarrez papera zahartu eta andeatu egiten da, azidifikazioak, oxidazioak eta mikroorganismoek berea egiten baitute. Horregatik kontu handia izan behar dute museo eta artxiboetan.


Arazo horiei aurre egiteko borrokan beste urrats bat eman berri du mikrobiologoz, plasmarekin ikerketan dabiltzan kimikariz eta zaharberritzailez osatutako Fraunhofer Institute for Interfacial Engineering and Biotechnology-ko ikerlari-taldeak. Sistema berrirako plasma-teknologia erabiltzen dute talde horretan. Orain arte, industrian gainazalak garbitzeko zein materialak margotu edota babes-estaldurak eman aurretik prestatzeko erabili da plasma-teknologia. Farmazia- eta elikagai-industrian esterilizazioaren ordez ere erabiltzen da. Eta aurrerantzean dokumentuen zaharberritzean ere erabili ahal izango dela uste dute adituek.


Papera oso sentikorra eta hondatzen erraza denez, plasma ez zaio zuzenean gehitzen. Gasaren molekula eta atomoak, oso erreaktibagarriak izanik, urrats desberdinetan gehitzen zaizkio baldintza berezipean. Paper- eta plasma-mota desberdinekin egin dituzte probak eta, horietan, elkarri itsatsita zeuden edo kolorea galduta zuten paperak zaharberritu eta irakurgarri bihurtu eta orban beltzetako gehienak ere desagertarazi dituzte. Metodoaren bidez papera sendotu eta mikroorganismo kaltegarriak desagertarazi egiten dira, eta ikerlariek, plasma bakterio eta lizunen aurka eragingarria dela frogatu dute. Teknika aplikatzeko liburuetako orrialdeak banandu, kanpo-eragileetatik babesteko geruza babeslearekin estali eta berriz koaderna daitezke, luzaro iraun dezaten. "

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila