Australiako Unibertsitatean egindako azterketak baieztatu duenez, Lezetxikin (Arrasate) topatutako humeroak 164.000 urte ditu (9.000 urte gorabehera). Duela 50 urte aurkitu zuten humero hori Jose Migel Barandiaranek eta Jesus Altunak, eta, geroztik, hura datatzen saiatu dira. Altunak adierazi dutenez, 130.000 urte baino gehiago izango zituela susmatzen zuten, sakoneko geruza batean baitzegoen, baina orain arte ez dute zehatz datatzerik izan.
Rainer Grun Australiako Unibertsitateko geokronologian adituak zuzendu du datazioa, eta uranio-serieen metodoa erabili du humeroaren adina zehazteko. Nolanahi ere, datazioa ikerketa zabalago baten zati bat baino ez da, DNAren analisi genetikoa ere egiteko asmoa baitute. Orduan jakingo dute, besteak beste, hezurra emakume batena ote zen (hori uste baitute), eta zer harreman genetiko duen penintsulan topatutako beste fosil batzuekin.
Hain zuzen, azterketa morfometrikoaren arabera, Lezetxikiko humeroak kidetasun handia du Erdi Pleistozenoko fosilekin, tartean, Atapuerkako Hezurren Osinekoekin. Azaldu dutenez, gertuago dago haietatik neandertaletatik baino. Azterketa genetikoak alderdi horiek argitzen lagunduko du beraz.
Bitartean, humeroa Eusko Jaurlaritzaren Goaz Zentroan dago gordeta, Donostian.