Gero eta jende gehiagok erabiltzen ditu lentilak, nahiz eta askotan oso erosoak ez izan. Australia, EEBB eta Suitzako ikertzaileek, polimeroak konbinatuz lentila berri batzuk egitea lortu dute. Erosoagoak omen dira eta, gainera, gau eta egun erabil daitezke hilabete osoan.
Kontsumitzaileak bi lentila-moten artean aukera dezake gaur egun: hydrogel bigunak eta gas iragazkorreko gogorrak. Bigunak erosoagoak dira, baina ezin dira luzaroan jarri, korneara oxigeno gutxi iristen baita. Gogorrak, berriz, luzaroagoan erabil daitezke, baina erabiltzaile batzuen ustez ez dira batere erosoak.
Batzuen eta besteen defizitak konpondu nahian, Australia, EEBB eta Suitzako ikertzaileek esperimentu ugari egin dituzte bost urtetan. Azkenik, 80 formulazio baino gehiagorekin saiatu ondoren, lentila miragarriak egitea lortu dute. Lentila hauek ohizko lentila biguinek baino sei aldiz oxigeno gehiago iragazten dute. Horrez gain, kendu gabe denbora asko erabil daitezke.