Lehorrean garatu bide zituzten intsektuek hegoak

Lehorrean garatu bide zituzten intsektuek hegoak
2009/06/01 | Elhuyar
(Argazkia: C. Withers)

Biology Letters aldizkarian berri eman dutenez, Perun egindako ikerketa batean ateratako ondorioek iradokitzen dute intsektu hegodunak lehorrean agertu zirela.

Zilarrarrainen --hegorik gabeko intsektu primitibo batzuen-- portaera aztertuta, ikusi dute animaliok antena-itxurako luzakinak erabiltzen dituztela planeatzeko, eta, nolabait, erorketa kontrolatzeko arrisku-egoeretan, beren burua zuhaitzen batetik behera-edo botatzen dutenean, adibidez.

Fosil-erregistroan oinarrituta, adituek jotzen dute zilarrarrainen antzeko intsektuak zirela nagusi orain dela 390 milioi urte; hegorik gabeko eta sei hankako intsektuak. Ez dakite, ordea, nola eta non eboluzionatu zuten intsektuok hegoak izatera iristeko. Izan ere, fosil falta handia dago; orain dela 390 milioi urtekoak dira ezagutzen dituzten fosil zaharrenak, eta hurrengoak orain dela 325 milioi urtekoak. Eta ordurako jadanik bazeuden intsektu hegodunak.

Bi hipotesi nagusi dituzte esku artean zientzialariek: batek dio uretan bizi ziren intsektuen brankietatik garatu zirela hegoak, eta besteak lehorreko intsektuen albo-luzakinetatik garatu zirela.

Artikulua landu duen taldeak 200 zilarrarrain inguru hartu, eta sei taldetan banatu zituen. Talde bat ukitu gabe utzi zuten, kontrol gisa, eta gainerakoei gorputzeko filamentu bat edo beste kendu zieten, eta zuhaitz batetik behera erortzen utzi zituzten. Ikusi zuten ukitu gabeko intsektu gehienek nolabait kontrolatzen zutela lurrerako bidea, eta luzakinak falta zituztenek zailtasun handiagoak zituztela.

1
254
2009
6
003
Zoologia; Eboluzioa
Albisteak
6
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila