Lehorraldiek errotiferoei bizirik irauten lagundu diete

Lehorraldiek errotiferoei bizirik irauten lagundu diete
2010/05/01 | Elhuyar
Onddo batek infektatutako errotifero bdelloideo bat; onddoaren hifak ikus daitezke errotiferotik ateratzen. Arg.: Kent Loeffler, Kathie T. Hodge eta C.G. Wilson.

Onddo patogenoek baino hobeki jasaten dituzte lehorraldiak

Zenbat eta denbora gehiago eman lehorraldian, orduan eta infekzio gutxiago pairatzen dituzte Bdelloidea klaseko errotiferoek, Cornell Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera. Haiek baino azkarrago eboluzionatzen duten patogenoen aurkako estrategia bat dela uste dute.

Izan ere, asexualki bakarrik ugaltzen den ur gezetako ornogabeak dira errotifero bdelloideoak. Ugalketa asexuala duten bizidunen eboluzioa mantsoagotzat jotzen da, ez baitute aukerarik ezaugarri genetikoak populazioan hedatzeko.

Bada, horregatik, zaurgarriagoak dira sexualki ugaltzen diren patogenoen aurrean, patogenoetan errazago hedatzen direlako errotiferoen kontrako estrategiak. Errotifero horien kasuan, zehazki, Rotiferophthora angustispora onddoak izugarrizko sarraskiak eragiten ditu haien populazioetan.

Abantaila ebolutibo horren aurrean, errotiferoek beste defentsa-mekanismo bat garatu dute: lehorraldietan onddoek baino gehiago irauten dute bizirik. Cornell Unibertsitatean egindako esperimentuetan ikusi zuten lehorraldian 14 egun edo gutxiago eman zituzten errotifero-populazioak guztiz suntsitu zituztela onddoek. 21 egun eman zituztenen artean, berriz, populazioen % 60k ez zuten infekziorik jasan, eta, hortik gora, gero eta gutxiagok.

1
264
2010
5
004
Zoologia; Ekologia; Eboluzioa
Albisteak
8
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila