Lehenengo txerto antiparasitarioa

td class="art-testua" valign="top">

Orain arte parasitoek sortutako gaisotasunak ezin izan dira txertoen bidez tratatu. Lille-ko Pasteur institutuak eta Transgene elkarteak hurrengo urterako eskistosomiasaren aurkako txerto bat kalaen jarriko dute.

Eskistosomiasak 300 milioi lagun erasaten ditu Afrika, Asia eta Hegoameriketan eta herrialde tropikaletan hedatuen dagoen eritasunetako bat da. Urtero milioi bat lagun hiltzen dira eritasunaren kausaz. Bizirik irauten dutenek giltzurrun- eta heste-arazoak izaten dituzte.

Eskistosomaren larba.

Eritasunaren bektorea oso ondo ezagutzen da eta txertoa prestatzea erraza izan daitekeela pentsa liteke. Bestela gertatzen da ordea. Eskistosomak, parasitoak alegia, ederki ondo engainatzen ditu organismoaren defentsa inmunitarioak. Parasitoaren arrautzak eriaren gernuan egoten dira. Pixa egiterakoan ur gezetara joaten direnean arrautzak larba bilakatzen dira eta hauek ur-moluskuen parasito bilakatu eta ugaltzen dira. Larba hauek transformatu egiten dira beste larba-mota bat bilakatuz, zeina uretan libre bizi bait da. Uretan bizi diren larba hauek pertsonak kutsatzen dituzte azalean zehar infiltratuz.

Larbak heste lodiaren edo maskuriaren odol-baso txikietara joaten dira eta bertan heldu egiten dira. Ondoren emeak arrautzak erruteari ekiten dio. Arrautza batzuk gernuaren bidez libratzen dira eta beste batzuk gibelera joaten dira.

Lehenengo kasuan mina eta pixa egiteko zailtasunak gertatzen dira. Bigarrenean , gorakoak eta beherakoak gertatzen dira eta azkenik heriotza gorako beltzen artean.

Ezaguna da txertoek nola funtzionatzen duten: Organismoaren erantzun inmunitarioa sendotzeko proteina arrotzak sartzen dira, zeintzuek antigorputzen fabrikazioa bultzatzen bait dute eritasuna sortu gabe. Eskistosomaren kasuan horrelakorik ez dago egiterik, honen molekulek biktimaren proteinaz estaltzen direlako eta gorputzak arrotz moduan hartzen ez dituelako.

Txerto berria lortzeko injinerutza genetikoaren laguntza behar izan da. Eritasuna sortzen duen proteina identifikatu da lehendabizi eta ondoren eskistosomaren genoman proteina horren fabrikazioaz ardura duen genea ezagutu da. Orain proteina hori fabrikatu ahal izango da eta txerto moduan erabili.

Orain arte babuinoekin egin diren saioetan erabateko arrakasta lortu da eta datorren urterako gizakiari aplikatuko zaiola uste da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila