Lehenengo animalien fosilak topatu dituzte Hego Australian

Lehenengo animalien fosilak topatu dituzte Hego Australian
2010/11/01 | Elhuyar
Animalia zaharrenak izan daitezkeenen fosilak dituen harria, Adam Maloof Princetongo Unibertsitateko geologoaren eskuan. Harrian ikusten diren egitura gorrixka horiek dira fosilak, eta, ikertzaileen arabera, duela 650 milioi urtekoak dira. Arg.: Adam Maloof.

Fosilak aztertuta, animaliak uste zen baino lehenago agertu zirela ondorioztatu dute geologoek

Nature Geoscience aldizkarian argitaratutako lan baten arabera, litekeena da Hego Australiako harri batzuetan topatutakoak izatea animalia-fosil zaharrenak. Hain zuzen ere, 650 milioi urte dituztela kalkulatu dute geologoek.

Adam Maloof Princetongo Unibertsitateko geologoak eta haren taldeak egin dute aurkikuntza. Berez, ikertzaile-taldea duela 630 milioi urte gertatu zen mundu mailako glaziazio baten arrastoak aztertzen ari zen. Hala, konturatu ziren harri askok egitura berezi batzuk zituztela, eta laborategira eraman zituzten, sakon aztertzeko.

Ikertzaileek ez zuten uste glaziazio haren aurretik animaliarik egongo zenik, baina azterketen emaitzek oker zeudela erakutsi zieten. Harri haiek dituzten ezaugarriengatik, ezin zituzten erabili fosilak aztertzeko ohiko metodoak, eta, metodo berri baten bidez, egituren hiru dimentsioko ereduak egin zituzten. Emaitza ikusita, belaki-itxurako animalia primitiboen fosilak zirela ondorioztatu zuten.

Ordura arte, duela 520 milioi urteko fosil batzuk ziren belaki zaharrenen aztarnak, hau da, Kanbriar periodokoak. Baina, azterketa genetikoetan oinarrituta, ikertzaile batzuek iradoki izan dute belakiak Kanbriarra baino milioika urte lehenago sortu zirela. Orain, badirudi frogak aurkitu dituztela.

Animalia-fosil hain zaharrak aurkitu izanari ez ezik, zientzialariek garrantzi handia eman diote ikerketan erabili duten metodoari. Hain zuzen, Maloofek metodoa fintzeko asmoa du; hartara, espero dute betiko metodologiarekin aztertu ezin diren beste hainbat fosil ikertzeko aukera izango dutela.

1
269
2010
11
014
Biologia; Eboluzioa; Geologia
Albisteak
17
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila