Beta-amiloide proteinaren plakak alzheimerra dutenen garunean agertzen dira. Baina orain arte ez zegoen argi proteina-plakak gaixotasunaren erantzule diren edo gaixotasunaren ondorioz sortzen diren. Saguekin egindako ikerketa batean, zalantza hori argitu dute zientzialariek. Proteina-plakek garuneko zelulak hondatzen dituztela ikusi dute. Saguak mutatu dituzte, garunean beta-amiloide proteinaren plakak sor ditzaten. Plakak sortu eta bi asteren buruan, neuronak progresiboki deformatzen hasten dira.