Lehen mailako asistentzia medikuek eta pediatrek familiari ematen dioten asistentziari deitzen zaio. Asistentzia hau gehientsuenetan Osasun Zentruetan eta Kontsultategietan antolatzen da, azken hamarkadan Osasun Zentruak asko ugaritu direnetik batik bat.
Asistentzia espezializatua, berriz, anbulategietan eta batez ere ospitaleetan garatzen denari deitzen zaio. Asistentzi mota honetan bi arlo ezberdindu behar ditugu derrigorrez: bata, kupoko mediku espezialistek ematen duten asistentzia eta, bestea, ospitaleetako mediku hierarkizatuek ematen dutena.
Asko idatzi eta idazten da bi asistentzi maila hauek dituzten edo ez dituzten harremanei buruz eta askorentzat duten desadostasuna Osasun Sistema Publikoak duen akatsik handienetakoa da. Bi asistentzi maila hauen arteko harremanak urriak izateak, askoren ustetan, errekurtso edo aberastasun galera handia eta kalitate falta ekoizten ditu.
Bestalde, kuriosoa da, gaiari buruz argitaratzen den guztia edo ia guztia lehen mailan diharduten profesionalek idazten dute eta nekez topa daiteke iharduera espezializatuetan aritzen direnek idatzi duten zerbait. Zer esan nahi du horrek?
Joan den urtearen amaieran, Andaluziako Osasun Publikoaren Eskolako profesional batzuek “Atención Primaria” aldizkarian argitaratutako artikulu batean, bi asistentzi maila hauen arteko harremanak aztertzen zituzten eta, bestelako gora-beheren artean, bi asistentzi ezberdinetako profesional batzuk besteenari buruz zuten iritzia azaltzen zuten.
Honela, ikerketa horren arabera, asistentzia berezietako edo espezializatuetako profesionalek gutxietsi egiten dituzte lehen mailan aritzen direnak eta euren ustetan, lehen mailan diharduten profesionalek demanda gutxiagotu beharrean gehiagotu egingo lukete, batere irizpiderik gabe bidaliko bailituzkete gaixoak ospitaleetara. Gainera, profesional horien ustetan, lehen mailako medikuak ez ei dira erabakiorrak.
Alderantzizko ikuspegia ere ez da oso ona, lehen mailakoek asistentzia espezializatutakoei buruz duten iritzia ere ez baita oso ona. Hauen artean, asistentzia bereziko profesionalek gaixoarekiko duten harremana hotza, gizagabea, partziala eta teknifikatua denaren iritzia da nagusi. Gainera, errekurtsoak edo osasun aberastasuna efizientziarik gabe erabiltzea leporatzen zieten artikulu horretan.
Batzuek besteekiko duten iritzia horrelakoa izanik, elkarren arteko informazioa urria izatea eta bi mailen arteko koordinazioa historikoki irregularra izatea ez da harritzekoa.
Aipatutako artikuluarekin jarraituz, lehen mailako medikuek ospitalearekin harremanak edukitzeko interesa azaltzen dute. Hau Lehen Mailako Asistentzi Taldeak sortu zirenetik gertatzen da batez ere, eze, profesional asko ospitaleetan prestatu baitira eta ospitaleari “zientziaren iturri” bailitzen begiratzen baitiote. Alderantzizkoa jakina, ez da gertatzen, hots, espezialistek gehienetan ez ei dute uste lehen mailako asistentziatik ezer ikas lezaketenik.
Baina nora garamatza horrelako mesfidantzak?
Ospitaleek une honetan duten arazorik nagusienetakoa masifikazioa da. Masifikazio hori itxaron-zerrendatan nabarmentzen da gehienbat, bai kirurgiarako zerrendatan eta baita kontsulta edo esploraziokoetan.
Baina masifikazioa inon nabarmentzen bada, larrialdietan izaten da. Gure Ospitalean, Basurtuko Ospitalean alegia, hilero 1.000 biztanleko 21 artatzen dira. Urtean 100.000 larrialdi artatzen dira, hau da, 274 eguneko. Hauetatik % 80 berehala etxeratzen da eta asko eta asko Lehen Mailan konpon daitezkeen arazoak baldin badira ere, larrialdietatik pasatzen dira, Lehen Mailako kontrolik pasatu gabe. Dena den, arazoak ez dauka soluzio erraza eta hamaika eztabaida sortzen du.
Sistema hau guztia orekatu beharra daukagu eta horretarako bi alderdien arteko harremanak sendotu egin behar ditugu. Batetik, Lehen Mailako Asistentzian diharduten mediku eta profesionalak noizean behin ospitaleetara gonbidatu beharko genituzke, horretarako ikastaroak, bilerak, gaixoei buruzko eztabaida klinikoak eta abar antolatuz; bestetik, espezialistak Lehen Mailako Asistentziara hurbildu behar ditugu, hezi dezaten, protokoloak landu ditzaten eta ondorioz, dagoen demanda denon artean kontrolpean edukitzea lor dezagun.
Amaitzeko, Lehen Mailako Asistentzia eta Asistentzia espezializatuaren arteko harremanak bene-benetan sendotu nahi baditugu bederen, behar-beharrezkoa da informazio-bideak eraikitzea eta horrek, datozen urteetan informatika arloan inbertsio handia egin beharko dugula esan nahi du.