Lehen aldiz, zulo beltz baten errotazioa ikusgai

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

lehen-aldiz-zulo-beltz-baten-errotazioa-ikusgai
Arg. NASA/CXC/CfA,NRAO/AUI,ESA

Ustez, beste edozein izar bezala, zulo beltza bere buruaren inguruan biraka ari da, errotatzen ari da. Baina zulo beltzak ez dira ikusten, eta, beraz, oso zaila da hori baieztatzen. MITeko Sheperd Doeleman astronomoaren taldeak, ordea, lortu du. Haren emaitzen arabera, M87 galaxia eliptikoaren zentroan dagoen zulo beltzak biratu egiten du, eta inguruan dituen izarrek norabide berean biratzen dute.

Hori jakiteko, zulo beltzak isurtzen duen gasari begiratu dio. M87 galaxia gertu dago, eta oso distiratsua da. Erraza da galaxia oso batean gertatzen dena han ikertzen, eta horregatik bilakatu da aztergai nagusi bat astronomoentzat. Doelemanen taldeak egin duen neurketak goia jo du zentzu horretan, galaxiaren zentroan dagoen zulo beltzak isuritako gas-zorrotadaren oinarriaz jabetu delako Event Horizon teleskopioaren bitartez. Ez da inoiz aztertu zulo beltz bat MITeko astronomoek aztertu duten bezain gertutik. Eta neurketa horretan izarraren errotazioari antzeman diote. Teoria astronomikoaren arabera, logikoena zen zulo beltzek biratzea; orain, baieztatu egin da ideia hori.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila