Tenperatura puntu jakin batetik jaisten denean laser izpia igortzen duen material bat aurkeztu du Florentziako espektroskopia ez-linealeko laborategi europarreko Diederik Wiersma ikertzaileak. Hori lortzeko, beirari tindatutako kristal likidoak nahasi zizkion. Gero materiala argi berdeko laserraren eraginpean jarri zuen, eta, tenperatura 42,5 ºC-tik jaistean, materialak laser izpia igortzen zuela ikusi zuen.
Nonbait, hoztean kristal likidoa trinkotu egiten da; ondorioz, fotoiak luzaroan gelditzen dira materialean harrapatuta eta tindu-molekuletako elektroiek kitzikatuak izateko aukera handiagoa dute. Kitzikatutako elektroiek energia hori galtzen dutenean, argia askatzen dute. Material hori tenperatura-sentsoreetan eta tenperaturarekiko sentikorrak diren gailuetan erabili ahal izango litzateke.