1997. urtea laser atomikoarena izango dela esan daiteke. Orain arteko laser klasikoek argi-izpia igortzen dute, baina laser atomikoek ilea baino finagoak diren materia-izpiak igorriko lituzkete. Oraindik horrelako laserrak edukitzeak zientzi fikzioa dirudi, baina 1997. urtean lehen urratsa eman da.
Estatu Batuetako Massachusetts Institute of Technology (MIT) erakundeko Wolfgang Ketterle eta bere taldeak laborategian laser iraultzailea prestatu dute. Argi-izpia igorri ordez, atomo-izpi mehea jaurtikitzen du. Materia atomoaren mailan manipulatu, oso izpi zehatzera kontzentratu eta oso distantzia luzeetara heltzea zientzilari askoren ametsa da.
Teknologiaren aurrerapauso hau bide zientifiko luzearen beste etapa bat da. Hasiera 1924. urtean eman zitzaion, Albert Einstein-ek eta Satyendranath Bose-k materiaren egoera bitxi baten berri eman zutenean. Egoera horretan atomoek beren banakako izaera galdu eta multzo bat osatzen zuten. Partikula kuantiko erraldoia osatuko balute bezala portatzen ziren atomoak. Bose-Einstein kondentsazioa deitzen zaion emaitza hori lortzeko, ordea, lehenbizi atomoak ia zero absoluturaino (-273,15 ¾C-raino) hoztu egin behar dira.
Denbora luzez oso zaila izan da tenperatura horietara iristea, baina 1995. urtean Estatu Batuetako bi ikertzaile-taldek atomoak hotzaren azken mugako gradu-milioirenetara hurbildu zituzten. Ketterle-ren taldeak saiakuntzari gainak eman zizkion joan den azaroan, bere lehen laser-pultsazioa lortu zuenean.
Oraindik prozedura findu beharra dago. Izan ere, atomo-izpia ez da jarraia, ondoz ondoko boladaka funtzionatzen du eta norabidea ez dago kontrolaturik. Hala ere, Estatu Batuetako Armada laser atomikoak izan ditzakeen aplikazioak ikertzen ari da.
Laser atomikoaz nahi diren ametsak egin daitezke, baina bere mugak ere baditu. Oraingoz hutsean baino ezin du lana egin, atmosferan atomo-izpia berehala deuseztuko litzatekeelako.