Laser-argiaren aplikazio berrien bila

Laser-argiaren aplikazio berrien bila
2006/07/01 | Elhuyar
(Argazkia: MEC)

Euskal Herriko Unibertsitatean laser-argia aztertu eta haren aplikazio berriak aurkitu nahi dituzte. Horretan dihardute Ingeniaritza Goi Eskolako Fisika Aplikatuaren sailean. Laborategian, laserra bera sortzeko erabiltzen duten printzipio aktiboa eta laserraren hartzaile izan daitezkeen materialak ikertzen dituzte.

Adibidez, osagai bereziko kristalak sortu dituzte: material horiek Medikuntzan erabiltzea da asmoa, hainbat aplikazio-eremutan. Kristalak zeluletan sartu nahi dituzte, gero, laserraz baliatuta, markatzaile moduan erabiltzeko, edo zelula-motak bereizteko, edo zelulen barruko osagaiak bereizteko. Izan ere, propietateen arabera, zelularen osagai batera edo bestera lotuko lirateke kristalak --mintzera, nukleora, mitokondrioetara...--. Funtzionamendua erraza da ulertzen: kristalek laserraren argia jasoko lukete, eta non dauden erakutsiko lukete; edo areago, laserrak eragitean, zeluletan prozesu jakin batzuk abiarazi edo eten egin ditzakete kristalek, eta, adibidez, minbizi-zelulak hil. Horretarako, ordea, behar bezain txikiak diren kristalak sortu eta horien propietate optikoak zehatz ikertu behar dituzte. Oraingoz, tamaina handiagoko kristalekin ari dira lanean.

1
222
2006
7
017
Teknologia; Fisika
Berriak labur
9
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila