Landareen hurbileneko arbasoak

Duela 470 milioi urte inguru, lehenengo landareak uretatik atera eta lurrazalean hedatu ziren. Orain, lehorreko landareen hurbileneko arbasoak Charales algak izan daitezkeela adierazi du AEBetako Maryland Unibertsitateko ikertzaile-talde batek.

Charales-ak alga berdeen taldekoak dira eta horien aztarnak, lehorreko landareak bezala, orain dela 400 milioi urte baino lehenagoko fosiletan atzeman daitezke. Bien arbasoa, ordea, askoz lehenago desagertu zen. Arbaso komun hori ezezaguna bada ere, ikerketa genetikoak nolakoa izan zen igartzea ahalbidetu du. Ikertzaileen esanean, adar moduan harizpiak zituen, eta obulu eta esperma bidez ugaltzen zen.

Geneetan oinarritutako azterketa egin aurretik, lehorreko landareak, Charales algak eta Coleochaetales izeneko beste alga-talde bat hurbilekoak zirela uste zen. Baina orain dakitenaren arabera, Coleochaetales-ak lehorreko landareen hurbilekoak badira ere, Charales algak are hurbilago daude. Informazio genetikoari esker, hobeto ezagutzen du nola lortu zuten landareek biosfera osoan hedatzea.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila