Duela 400.000 urte inguruko landareen DNA aurkitu dute, Kopenhageko Unibertsitateko ikertzaileek egiaztatu ahal izan dutenez. Siberiako Kolyma eta Lena ibaien arteko permafrostetik atera zuten lagina, eta belar, ihi eta zuhaixkek osatzen dute. Gainera, kloroplastoetako DNA denez, aurkitutako leku berean hazitako landareenak direla esan daiteke.
Orain arte, aurkitutako landareen DNA zaharrena duela 20.000 urtekoa zen. Denboran atzeraka jauzi handi bat egitea lortu da, beraz, eta ikertzaileek ongi kontserbatutako lagin zaharragoen bila dihardute jo eta ke.
Leku berean, animalien DNAren zatiak ere aztertu dituzte eta azkeneko izotzaldian mamutak, bisonteak eta zaldiak bizi izan zirela ikusi dute. Zalantzarik gabe, iraganeko ekosistemak hobeto ezagutzeko ezinbesteko tresna bihurtu da DNAren ikerketa.