Jateko erabiltzen ditugun landareen barietate klonikoak lortzeko metodo bat argitaratu du Science aldizkariak. Frantziako Nekazaritza Ikerketarako Institutuan garatu dute metodoa, eta, oraingoz, Arabidopsis thaliana landarean bakarrik probatu badute ere --laborategiko landare-eredu arrunta da A. thaliana --, hazi batetik haren klonak sortzea lortu dute.
Gaur egun landatzen diren barietate gehienak hibridoak dira; hau da, elkarren artean genetikoki desberdinak diren bi landare gurutzatuta sortzen dira. Hibrido horiek emankorragoak eta erresistenteagoak izan ohi dira, baina ezaugarri horiek gurutzaketa ondorengo lehen belaunaldian bakarrik lortzen dira. Hurrengo belaunaldietan galdu egiten dira, sexu-ugalketan nahastu egiten baitira geneak. Ondorioz, barietate hibridoen haziak lortzeko jatorrizko gurutzaketetatik abiatu behar da beti.
Hori saihesteko, sexu-ugalketan geneak nahastea eragozten duten mutazioak konbinatu dituzte. Eta horrela lortu dute hazien bidez klonak sortzea, alegia, ezaugarri berberak dituzten ondorengoak sortzea. Haien esanean, metodoa landare askotarako izango da baliagarria, eta laborategian barietate berriak sortzeko behar den denbora laburtzeko ere balioko du.
Horrez gain, nekazariei beren barietateak iraunarazteko eta hedatzeko aukera emango diela adierazi dute, eta, hartara, ez dutela urtero haziak erosi beharrik izango, gaur egungo hibridoekin gertatzen den moduan.