Landare erraldoi bat, inbaditzaileen eredu

Landare erraldoi bat, inbaditzaileen eredu
2005/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: a. künzelmann / ufz)

Biologoak espezie inbaditzaileak ikertzen ari dira urdanaza erraldoia landarearen azterketaren bitartez.

Urdanaza erraldoia (Heracleum mantegazzianum) lau metro luze izatera iristen den landarea da. Kaukason du jatorria, baina Europako hainbat tokitan da inbaditzailea. Inbaditzailea izateaz gain, oso ezaugarri aproposak ditu ikerketa horretarako; besteak beste, haren izerdiak erredurak eragiten dituenez eta oso hosto zabalak dituenez, hildako aleen inguruan ez da besterik hazten. Adituen arabera, hildako landareen inguruko lurra oso azkar higatzen da.

Ezaugarri horiei esker, biologoek erraz azter dezakete landarearen hedapena. Airetik ateratako argazkiak erabili besterik ez dago zein eremutan hedatzen den aztertzeko. Ikerketa Txekiar Errepublikaren eta Bavariaren arteko lurralde batean hasi da. Biologoen helburua da hedapena iragarriko duen eredu teoriko bat garatzea. Oraingoz, lurralde txikietan baino ez dute probatu metodoa, baina, tokiko ezaugarriak emaitzetatik bereizi ahal izateko, lurralde gehiagotara zabalduko dute proiektua. Agian, ikerketa horrek balioko du urdanaza erraldoiaren hedapena nola kontrolatu behar den jakiteko. Eta, beharbada, emaitza horrek beste espezie batzuen ikerketa erraztuko du.

Berriak labur
2
1
215
2005
12
003
Ekologia
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila