Lanbide Heziketaren garaia

Inoiz baino gehiago entzuten ari gara “erreforma” hitza. Arlo gehienetan ari gara zerbiat egiten edo pentsatzen, berritu eta eguneratu nahian. Horrela behar da gainera, aurrera joan nahi badugu. Eta Hezkuntzan, eta bereziki Lanbide Heziketan, zer?

Apustu galanta!

Alde batetik H.S.A.P.L. aplikatuz, Heziketa Orokor gisa ezagutzen genuen O.H.O. eta B.B.B. desagertu egingo dira, orain arteko L.H.1 eta L.H.2 desagertuko diren bezalaxe. Horien ordez, oinarrizko heziketarako sistema bakarra osatzen da, prestakuntza orokorra eta oinarrizko Lanbide Heziketa, prestakuntza-sistema bakar batean kokatuz, eta bestalde Berariazko Lanbide Heziketarako sistema bakarra, lehengo Berariazko Lanbide heziketa —arautua— eta egungo L.H. ez arautua, bilduz.

Hauek guztiek Heziketa Orokor eta Lanbide Heziketarako sistema integratua osatzen dute.

Horrela, gaur egungo Batxilerko Institutuak eta Lanbide Eskolak desagertu egingo dira, denak era bateko edo besteko Institutu izendatuko direlarik.

Beraz, ikastetxe hauek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (12-16 urte bitartekoa) eta ez derrigorrezkoa eskaini beharko dute.

Orain arteko berezitasunak desagertu egingo direlarik Batxilerko Institutuak Lanbide Heziketarantz jo beharko dute eta Lanbide Heziketakoak heziketa orokor aldera. Denek Bigarren Mailako Irakaskuntzako ikastetxe-sare bat osatuko dute, unibertsitate ikasketetarako eta epe laburrerako irtenbide profesionaletarako prestatzeko helburu bikoitza izango dutelarik.

Galdu behar ez dugun beste ikuspegi bat hau da: ikaslegoa.

Irakaskuntza Ertainetara iristen ari da O.H.O.n izan zuten ikasle-beherakada, jaiotze-tasa dela eta, eta, ikusi egin beharko da ikastetxe hauen guztien eskaintza eta gizarteak behar eta eskatzen duena, parekatzen diren.

Honek, beharbada, hain urrun eduki gaituen sistema hautsi egingo du eta inguruko azterketa baten bitartez, behar den eskaintza serio eta kalitatezkoa eskaintzera bultzatuko gaitu, norberaren nortasuneko gauza onenak elkartasun horretara eramanez.

Beldurrak beti izango dira, eta interes kontrajarriak ere bai, behar bada, baina azkenean bai Hezkuntz Administrazioak, bai Institutuek eta bai Lanbide Eskolek, gizarteak behar duen eta exigitzen duen eskaintza eman behar dute, horretarako behar diren ahalbideak jarriz, arazoak konponduz eta beti, kalitatezko hezkuntza helburu nagusitzat izanik.

Inoiz baino gehiago, Lanbide Heziketaran garaia dela uste dut.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila